XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Bikario Nagusi, euskaltzain oso, idazle eta kazetari zenez. Jesus Hiriart-Urrutyri hileta amoltsuak atzo Baionako katedralean

Baionako katedrala-bete apaiz, adiskide eta euskaltzalek agurtu zuten.

Egun haundirarte Jean Hiriart-Urruty, Elizbarrutiko Bikario Nagusia eta euskaltzain osoa, atzo arratsaldean, hileta elizkizun hunkigarrian, Moleres apezpikua buru zela.

Iparraldeko eta hegoaldeko elizak eta euskaldungoak bat egin zuten doluminean, Hiriart-Urruty apaiz idazle, kazetari eta euskaltzainari merezi bezalako esker ona agertuz.

Hileta handiak, amoltsuak eta hunkigarriak egin zitzaizkion Hiriart-Urrutyri atzo Baionan, hiru apezpikuk, Moleres eta Vicent, Baionako oraingo eta lehengo gotzaiak eta Akizeko gotzaiak eta 200en bat apaizek emandako mezetan.

Jendartean, berriz, Mari Karmen Garmendia Hizkuntz Politikarako Idazkaria, Eusko Jaurlaritzaren izenean Juan San Martin, Ararteko euskaltzaina, Jesus Lete eta Jose Luis Telleria, Gipuzkoako diputatuak, Haritschelhar euskaltzain-burua, euskaltzainez inguratua.

Moleres apezpikuak, arrazoi osoz esan zuen, Baionak eta Euskadik apaiz bat galdu du, Jean Hiriart-Urrutyren elizarekiko eta Euskal Herriareko atxikimendua goraipatzerakoan.

Emile Larrek Herria astekarian kontatzen duenez, ostiralean apezpikuaren kontseilu biltzarra amaiturik, asteroko artikulua erdi-idatzirik oheratu zen.

Gauez sentitu zuen zerbait eta goizean oinez eta bere urratsean joan zen, Paulmy klinikaraino Igande arratsean hil zen Jean Hiriart-Urruty, 63 urterekin.

Jean Hiriart Urruty, 14 urtez izan da elizbarruti horretako Bikario Nagusi.

Bera izan da hegoaldeko eliz-ospakizun haundietan, iparraldeko elizaren ordezkari.

Euskaltzain osoa zenez, Euskaltzaindiaren batzar gehienetan hartu du parte.

Euskal idazle eta kazetari izan da gainera.

Jean Hiriart-Urruty Hazparnen jaio zen 1927an Joan Mari Lekuona eta Patxi Altuna euskaltzain lagunak bezalaxe.

Uztaritzeko eta Baionako apaizgaitegietan ikasi zuen eta 1951ean apaiztu zen beste 28 lagunekin.

Erroman egin zituen teologian eta soziologian lizentziadurak.

Eliz-lanetan, Katedraleko apaiz, euskal gazteriaren arduradun, Seminario haundiko teologia-irakasle, Afrika-Burundiko apaizgaien hezitzaile, Euskal Herriko misioen antolatzaile eta Bikario Nagusi izan da, Vicent apezpikuarekin lehenik eta Moleres gotzaiarekin orain.

Euskaltzale eta kazetari Jean Hiriart-Urruty, kalonje eta euskal kazetari famatuaren ilobak, apaizgai zela landu zuen euskara, Piarres Lafitte maisu haundiaren orduan, lehiaketetan sari bat baino gehiago irabaziz.

eta aldizkarietan idatzi zuen.

Eta Lafittek berak izendatu zuen, Herria astekariaren zuzendari, 1967an.

Afrikako Burundira joan zenean utzi zuen zuzendaritza, 1969an.

Baina berehalaxe ekin zion Herria astekarian bere gogoeta sailari.

Hilabete bat hurbil Afrikan naizela, behar diot ba azkenean Herria-ri hitz bat igorri.

Bestenaz, xakurrentzat ere ez naiz on izanen: Euskal Herriari uko egin dutala, horko guziak ahantzi.

Ez, ez dut deusi uko egin eta ez dut nehor ahanzten idatziz ekiten dio lanari.

Itzuli zenetik, 1973tik berriz, astero idatzi du. Elizberri sailean.

Lan horiekin lau liburu osatu zituen eta laster argitaratuko da boskarrena.

Jauna dut argi, lehen liburua kaleratu zuenean honela zioen Lafittek: Liburu huntan irakurleak miretsiko bide du, guk bezala, haren mintzaire xehe, bizi eta erretxa: orok dakizkiten egun guzietako hitzez adiarazten ditu bere erakaspenak: higuin ditu garbikeriak eta arradokeriak; herriz herri entzun hizkuntza baderabila doi-doia apaindurik.

Irakurlea argitu nahiz ari da, eta ez baitezpada hitz arrotzez harritu beharrez.

Euskalduna zerbitzatu nahirik landu zuen euskara.

Ulerterreza ere horregatik erabiltzen zuen.

Gizonak badu ontasun bat baliosa: bere nortasuna; Euskaldunak: bere euskalduntasuna.

Euskarari atxikia izaitea, euskaltzain izaitea, (Akademiako lagun ez izanik ere!) ez litake behar apez bakar batzuen fantesia: beren ofizioko lanetarik kanpoko libertimendu bat bezala; beste batzu beren lan-artetan ihiztari edo arraintzari edo pilotari edo muslari diren bezala, heiek euskaltzain!.

Apezari bere ofizioak dio manatzen euskararen alde bermatzea... Gizona dugu begiratu nahi, oso-osoa; Euskalduna, oso-osoa, bere euskal-izaitearekin, erran nahi baita euskararekin, euskararik gabe ez baita Euskaldunik idatzi zuen, 1974eko Herria astekarian.

Jean Hiriart-Urrity 1976tik dugu euskaltzain oso, Louis Dassance uztariztarrak hutsik utzitako aulkian.

Baina etxean ikasitako euskara bizitza osoan landu eta zaindu du.

Izan ere, berak idatzi zuen bezala, akademiakoa ez izanik ere, denak behar litazke euskaltzain.